PUBLIKOA: 5-12 urte · IRAUPENA: 50 MIN
Odei eta Lur klasetik ihes egin duten neska eta mutila dira. Besteengandik ezberdin sentitzen dira, ez dituztelako neska ala mutil bati egozten zaizkion arauak bete nahi. Lurrek, Lur izan nahi du eta Odeik, Odei, inork esan gabe nola jokatu behar duten; mutila izateagatik futbolean jokatu behar duen ala neska izateagatik printzesak atsegin behar dituen. Topiko sexistekin hautsi nahi duen haur eta gaztetxoentzako komedia azkarra. Barrea mundua iraultzeko modurik ederrena izan daiteke, sekula samurtasuna ahaztu gabe, gure sentimenduek egiten baikaituzte aske. Eta horixe izan nahi dute, hain zuzen ere, Lurrek eta Odeik, libre, nahi duten hori adierazi, bizi eta sentitzeko, inposaketa eta etiketa sexistarik gabe mundu aske batean.